XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nobel 1991: emakume bat

Gizadiaren historian, gizakiak lehen hitza ahoskatu zuen uneak askoz ere garrantzi haundiagoa izan zuen Amerikaren aurkikuntzak baino, edo ilargira iristeak eta teoria atomikoak baino.

Hitza bizitza da.

Hitzarekin batera ahozho literatura eta idatzia datozkigu.

Azkenaldi honetan, Europako literaturak (Camus, Huxley, Moravia, Sartre, Cela...). Estatu Batuetakoak (Hemingway), Dos Passos, Faulkner, Steinbeckekin...) Hegoamerikatakoak. (Cortazar, Vargas Llosa, Sabatto, Neruda...) itzal haundia izan dute.

Aurtengo honetan, Literatur Nobel saria hegoafrikar emakume prosagile bati eman diote: Nadine Gordimer.

Gainera, oraindainoko azken hogei-ta-bost urtetako saridun guztiak gizonezkoak izan dira, aurtengoa ezik.

1901-garren urtetik zazpi emakume izan dira nobel saridunak.

Nahiz-ta bera afrikar zuria izan, apartheiden aurka azaldu izan da beti, eta hala bere iritziak agertu ere.

Emakume zuri hau, harro dago, baieztatzen duenean: afrikarra naiz.

Bestalde, egia da gaurko garaiak nahiho kezkagarriak direla, arazoak ugari ditugula han eta hemen: krisi ekonomikoa, gainera hain luze doana; honekin batera langabezia; politika arloa zikindua eta maltzurkeriaz zipriztindua; ekologiaren aurkako okerrak, nuklear erasoaren beldurra; gehiegizko giza jendetzaren ugaritzea hirugarren munduan eta giza jaiotzaren urritzea Europa zibilizatuan (I); alkoholaren; drogaren eta IHES-aren (SIDA) izurritea...

Hala ere, beti da laudagarri pentsamenduaren eta kulturaren arloko profeta batzuen aintzindaritza, eta horietako bat; Gordimer hegoafrikar anderea dugu, literaturako aurtengo Nobel Saria.

Bere iritzia agertu duenan, zerbait azpimarratu nahi nuke, neretzat behintzat oso txalogarria derizkiodana: literatura hegoafrikarra bultzatzeko eta lanbideko lagun beltzen bizi eta lan baldintzak hobeagotzeko erabiliko dut sari hau.

Honelako jarrerak itxaropen ilunetik argiruntz abiatzen dira.

Inolako baldintzarik gabe, alaitasunaren alde jartzen dira.

Kontzientziarik gabeko gizartea eta mundua amildegi zulora joan daiteke, hots, arimaren hondamendia eta zibilizazioaren desgizontzea ere bai.

Baina honelako emakume eta gizonek, etorkizuna zabaldu eta geroaren zaletasuna ematen digute, eta aldi berean, bizitzeko gogoa eta bizi poza.

Gaurkoz besterik ez, Nobel saridun honen jarrerak, idazle ona delako, emakume ausarta ere bai, eta batez ere, arrazismoaren aurkako militantzian gogor eta tinko ihardun duelako, burubide hauek idaztera narama:

1. Heziketak lehentasun osoa eskuratu behar du aurrekontu guztietan eta, honenbestez, lagundu behar du giza sormenaren alderdi guztiei beren balioa ematen.

2. Zientzia eta teknologia herri guztien, eta bereziki, garabidean dauden herrien esku jarri behar dira, beren etorkizunaren, eta hura lortzeko behar dituzten bitartekoen jabe egin daitezen.

3. Gobernuek ezbairik gabeko konpromezua, legeari eratxekia izango den konpromezua, hartu behar dute, sinatu dituzten giza eskubideen aldeko tratatu guztiak beteak izan daitezen.

4. Arrazismo guztiak uxatu behar dira.

Berdintasuna eta askatasuna hitzak ez dira gehiago hiztegi zokoetan utziko.

Kalera eta mundura plazaratuko dira.

Hemendik aurrera, askatasuna eta berdintasuna gauza biziak eta ikusbidezkoak izango dira, suaren eta ibai-errekaren antzekoak, gari-haziaren antzekoak, beren etxea beti izango dute: gizonaren bihotza.